JAI AIPAGARRIAK

JAI AIPAGARRIAK

ALARDEA (HONDARRIBIA)

Hondarribiko Alardea, urtero 1639. urteaz geroztik irailaren 8an ospatzen dena, 1638an hiriak jasan zuen setiotik askatu izanagatik Guadalupeko Amabirjinari orduan egindako botu eskertza urtero berritzea da funtsean. Botu eskertza hau ez dago bakarrik Alardearekin loturik, baizik eta Guadalupeko Amabirjinaren omenezko bederatziurrenarekin hasten da eta irailaren 10ean amaitzen da setioan hil ziren guztien omenezko ekitaldi erlijiosoarekin.

Ospakizun hauek Hondarribiko herritarrek sakon maitatu eta bizitzen dituzten kultur ekitaldiak dira, inolaz ere.

ASTE NAGUSIA (DONOSTIA)

Donostiako Aste Nagusia Donostian abuztuan ospatzen den jaialdi bat da. Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak amaitu ondoren hasten da. Donostiako Aste Nagusia amaitu aurretik, Bilboko Aste Nagusia hasten da.

Aste Nagusian ospatzen diren ospakizunen artean, nabarmenena, su artifizialen lehiaketa da. Zaragoza, Valentzia, Italia eta beste toki askotako enpresa piroteknikoak ia urtero etortzen dira Donostiara, Aste Nagusiko su artifizialen lehiaketan parte hartzera.

Beste ospakizun ezagun batzuk, Saguesen antolatzen diren musika kontzertuak dira.

EUSKAL JAIAK (ZARAUTZ)

Irailaren 9an, Arantzazuko Amaren jaiegunean, Euskal Jaiak ospatzen dira, astebetez (1etik 9ra) luzatzen den herri folklorearen erakustaldi paregabea. 1924an sortu zen, turisten herriko egonaldia luzatzeko asmoz, eta herrian erabat errotuta dago. Bertan, euskal jaien tradizioen zati handi bat biltzen da.

Egun hauetan kaleak dantzari taldez betetzen dira (euskal dantzariz), txistu eta bestelako musika tresna autoktonoek lagunduta.

IÑAUTERIAK (TOLOSA)

Tolosako inauteriak Tolosan (Gipuzkoa) ospatzen diren inaute urbanoak dira, Euskal Herriko inauteri ospetsuenetakoak. Euskal Herri osoko jendea erakartzen dute. Inauterietako ohiko mozorroez gainera, euskal jaietako osagai guztiak biltzen dituzte, hala nola lagun taldeak, danborrada, txarangak, txosnak, desfileak, soka-muturra, gastronomia, txupinazoa. 

MADALENAK (ERRENTERIA-ORERETA)

Errenteria-Oreretako jaiak, Madalenak, ospatuko dira uztailaren 21etik 25era. Egitaraua aurkeztu dute jada. Eskuragarri dago eraikin publikoetan, baita online ere. Nabarmendutako ekintzen artean lehen eguneko bazkaria, era desberdinetako txupinazoa, autodefentsa ikastaroa, gazte eguna, koadrilen eguna, bola erraldoiarekin entzierroa, karaokea, Viva Mexiko inauteri ikuskizuna, afari herrikoiak, buruhandiak eta erraldoiak eta kontzertu ugari. Guztira 160 ekitaldi antolatu dituzte.

SAN INAZIO (AZPEITIA)

Uztailaren 30ean, eguerdiko 12:00etan, suziri handia lehertzen denean zeruan, hiru egun eta lau gau hartzen dituen festaldiari ematen zaio hasiera, San Inaziyuak. Herri bazkaria, musika emanaldi desberdinak, zezenketak, bakailao txapelketa, su festak, umeen eguna… urtetik urtera egutegi zabal eta anitzagoa izaten da herriko festa nagusienetan.

SAN JUAN (TOLOSA)

San Juan festek, antzinako tradizioei eutsiz, Bordondantza eta suaren gaineko jauzia mantendu dituzte, armen alardea (eskopetariak) indartu eta eguneratuz.

Bordondantza nafar eta gipuzkoarren artean gertatu zen “Beotibarreko borroka”n du jatorria, eta dantzariek dantza ikuskizun paregabea eskaintzen diete bertara gerturatzen direnen pertsonei. Sanjoanetan, Bordon Dantzaz gain San Juan eguneko Zortzikoa eta Aurreskua ere dantzatzen dira.

Nabarmentzekoa da baita ere azken 25 urteetan Kuadrilen Egunak hartu duen indarra, antolatzen den herri bazkari jendetsu eta animazioarekin.

SAN PELAIO (ZARAUTZ)

Ekainaren 25ean, jaiei hasiera ematen dien txupinazoarekin Zarautz bere festa herrikoienetan murgiltzen da. San Pelaio bezpera honetan haur danborrada arratsaldean eta helduen danborrada gauean eta 26an (San Pelaio eguna), erraldoi eta buruhandiekin, kaleetan blusa koadrilekin eta festa giro ederrarekin ospatzen da.

Ekainaren 26an erromeria egiten da Iñurritza zelaian, eta bertan, zarauztar ugari biltzen da. 27an egunean, berriz, mutil ezkongabeak Oilasko Biltzea izenaz ezagutzen den tradizioan inguruko baserrietara joaten dira txistulari eta soinujoleekin batera, eta biharamuneko bazkarirako dirua biltzen dute.

SAN ROKE (DEBA)

Debako festa nagusiak San Roke jaiak dira eta abuztuaren 14tik 19ra ospatzen dira. Egun garrantzitsuena abuztuaren 16a dugu, San Roke eguna ospatzen baita. Festa hasiera, danborrada, entzierro eta zezenketak, San Roke eta Jorrai dantzak, berbenak eta jai giro zalapartatsua festa hauetan gozatzeko berme dira. Bisitariak ere, herrikoekin batera, osoki bizi ahal ditu, bertan murgiltzea festa ulertzeko erarik onena baita. 

SAN SEBASTIAN EGUNA (DONOSTIA)

Donostiako Danborrada San Sebastian egunean, urtarrilaren 20an, Donostian egiten diren jaia eta desfileak dira.

Urtarrilaren 19ko gauerdian, Konstituzio plazan hasten da, hiriko banderaren altxaerarekin, Gaztelubide elkarteak eta beste elkarteetako kideek Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa jotzen duten bitartean. Honen ondoren, ErretretaTatiagoDianaIriyarena eta abar jotzen dituzte elkarteetako danbor-joleek. Gutxi gorabehera 50 danbor eta 70 upelez osaturiko ehun Konpainiek hartzen dute parte jaialdian, eta bakoitzak bere musika banda du.

San Sebastian egunean bertan, eguerdian, Haurren Danborrada egiten da. Udaletxeko terrazatik abiatu eta Donostiako Zentroan martxa edo itzulia egiten dute haur eta gazteek.

SANTA ANA (ORDIZIA)

Ordiziak, Santa Ana egunean, uztailaren 26an, ospatzen ditu herriko festa nagusiak. Hurrengo egunean Esku-dantza dantzatzen da, «Santaneroen dantza» delakoa, eta bertan herrian urte horretan ezkondu diren bikote ezkonberriek parte hartzen dute. Ordiziako festak oso ezagunak dira, bertan egon ohi den giro bikaina dela eta, eta besteak beste, tanborrada, nazioarteko txirrindulari froga, uztailaren 27an, Koadrilen egunean bizi ohi den giroa, e.a… aipa daitezke.

SANTA ISABEL (USURBIL)

Santa Isabelak ekainaren 28an hasi eta uztailaren 2an bukatzen dira. Hiri kutsua duen jaia, edozein herritar eta gustuentzat antolaturiko festa ekintzez osaturik egoten da. Erlijio ekitaldiak, kirol lehiaketak, ohizko ekitaldiak, gaztetxoentzat jokoak eta antzezpenak, berbenak, mota guztietako kontzertuak, feri kokaguneak, txarangak, kale animazioak, eta abar. Ondoko herrietako, eskualdeko eta herrialde osoko jendea hurbiltzen da.

SAN TELMO (ZUMAIA)

San Telmoak, marinelen jantzi urdinez jantzita eta kresal usainaz blaiturik, dira Zumaiko jai nagusiak. Pazko igandetik zortzi egunetara (beti astelehenean) ospatzen da. Herriko bandak San Telmo martxa jotzen duen bitartean, San Telmoko ermitaraino egiten da prozesio  bat. Musika hau festetako ikur edo ezaugarria da. San Telmo eguna aipatu astelehen horretan ospatzen den arren, festak aurreko asteburuan hasten dira, eta hurrengoan errepikatu. Honako hauek dira festa hauetako ekitaldi nagusiak: Kofradiako plazako dantzaldiak, Itzurun hondartzako zezenak, helduen nahiz haurren danborrada, profesionalen pilota partiduak, trainerilen estropadak eta gazteen arteko norgehiagokak. Azken ekitaldi horiek gazteek beraiek zehaztutako programaren barruan egiten dira.

SANTO TOMAS

San Tomas jaia Euskal Herriko hiri eta herri askotan abenduaren 21ean —San Tomas egunez— egiten den baserritarren azoka eta jaia da. Donostian, Bilbon, Lekeition, Zaldibarren, Azpeitian eta beste herri batzuetan ospatzen da. Arrasaten ere jai handiak dira Santamasak, eta jatorria XIV. mendekoa baino lehenagokoa da.

Historian baserri azokaren eguna zen, baina egun euskal baserri kulturaren jai bat bihurtu da, non baserriko produktuak erakutsi eta salgai jartzen diren kalean bertan jarritako salmenta-postuetan. Baserri-produktuen lehiaketak ere izaten dira. Ohikoa da, San Tomas jaian, txistorra eta taloa dastatzea, sagardoarekin batera. Halaber, jaia ospatzeko jantzi tradizionalak janzten dituztenak asko dira; haurrak eta gazteak bereziki, eta hiritarrak barne.